Seniparteak foru-zuzenbideetan - Colegio Notarial de País Vasco

Informazioa
Euskal Zuzenbide Zibilari Buruzko Legea
2015eko urriaren 3an EUSKAL ZUZENBIDE ZIBILARI BURUZKO LEGE berria indarrean sartu zen.
Legegintza arloan gertaera garrantzitsu bat izan da, Euskal Autonomi Erkidego osoan zuzenbide zibila bateratzen duelako eta zuzenbide beraren izendapena aldatzen duelako.
“Foru-zuzenbide zibilari” buruzko legean (3/1992 Legea) foru-arauak hiru taldetan banatuta zeuden, talde bakoitza Autonomi Erkidegoko lurralde bakoitzari zegokiolarik (I. Liburua Bizkaiko Foru Zibilari buruzkoa zen, II. Liburua Arabako Foru Zibilari buruz eta III. Liburua Gipuzkoako Foru Zibilari buruz), eta orain legea komuna eta bakarra da eta “Euskal Zuzenbide Zibila” Euskal Autonomi Erkidego osoan aplikatuko da, bertan dauden lurralde jakin batzuei aplikatzeko arauei kalterik egin gabe.
Zuzenbide historikoan eta euskal zuzenbide zibilaren printzipio eratzaileetan oinarritzen da, Kode Zibila ordezko moduan aplikatuko dela ezartzen du, eta aldi berean inguratzen gaituen Europako zuzenbidea kontuan hartzen du, batez ere Oinordetzei buruzko Europako Erregelamendua, honi esker euskal lege berriaren arauak aplikatu ahal izango direlako nazioarteko oinordetzei, UE 650/2012 Erregelamenduko 36. artikuluaren arabera.
Aplikazio-eremua.
Euskal Autonomi Erkidego osoari (8. art.) eta auzotartasun zibila erkidego honetan duten pertsona guztiei aplikatzen zaie, hiru Lurralde Historikoetan zuzenbide zibilaren aplikazioa bateratuz, benetako berritasuna dena.
Horretarako “Euskal Auzotartasun Zibila” delakoa sortzen du (10.1 art.), auzotartasun zibil orokor bezala eta “Tokiko Auzotartasun Zibilarekin” bateragarria dena. Azken honek zehaztuko ditu tokiko eskubide berezien aplikazioa Bizkaiko Infantzonatuan edo Lur Lauan, Laudion eta Aramaion (tronkalitatea eta foru-komunikazioa), Aiarako oinordetza-arauen aplikazioa edo baserriaren oinordetza-arauen aplikazioa Gipuzkoan.
Edukia.
Zioen azalpen batek, Atariko titulu batek eta beste hiru Tituluk, hiru Xedapen gehigarrik, zazpi Iragankorrek eta Indargabetzaile batek osatzen dute.
Lehenengo titulua ondareari buruzko zuzenbidearen printzipioei buruz da, bigarrena oinordetzei buruzkoa da eta hirugarrena ezkontzako ondasunen araubideari buruzkoa da.
Guztira 146 artikulu dira, eta horietatik 107 artikuluk (%73) oinordetza arautuko dute II. Tituluan.
Atariko Titulua
Atariko Tituluak ezartzen ditu zuzenbidearen iturriak eta askatasun zibilaren printzipioa, zeinak pentsarazten duen arau guztiak esku-emaileak direla foru-tradizioaren arabera.
I. Titulua.
Ondareari buruzko zuzenbidearen printzipioak.
I. Tituluak ondare izaerako eskubideak hartzen ditu, eta aipamen berezia egiten zaie landa-errentamenduei (13. art) haientzat lege berezia ere eskatuz. Aipatzen dira ere bide-zorrak, landen itxiera eta berritasun moduan euskal gizartea antolatzeko forma zibilen aintzatespena, mugatua bada ere, eta honakoak direnak: kofradiak, ermandadeak eta mutualitateak. Sozietate zibil hauek adierazpen modu bat eta jabetza antolatzeko eta kudeatzeko modu bat dira, eta nahiz eta arauturik ez egon ohikoak izan dira landa-eremuetan mendiak, bideak, baselizak eta abar ustiatzeko orduan.
II. Titulua
Oinordetzako Zuzenbidea
II. Tituluan legearen aldaketa garrantzitsuenak azaltzen dira.
Oinordetza-araubidea hiru lurralde historikoetarako bateratzen da eta Kode Zibilaren seniparteak desagertzen dira.
Seniparteak
Senipartedunak eta senipartearen zenbatekoa, forma, banatzeko era eta izaera aldatzen dira.
Berritasun bezala, kausatzailearen seme-alabak eta ondorengoak eta ezkontide alarguna edo izatezko bikotea senipartedunak izango dira, eta gurasoek eta aurrekoek senipartedun izateari uzten diote.
Ondorengoen senipartea jaraunspenaren heren batera murrizten da eta “seniparte kolektibo” bat izatera igarotzen da aurreko Foru-zuzenbide bizkaitarrari jarraituz. Seniparte berri hau ondorengoen artean bana daiteke askatasun osoz, deitu ez zaienei alde batera utziz (48.2 eta 49. art.), eta ondorioz seme-alabek eta ondorengoek ezin izango dute beste seme-alabena bezalakoa den “seniparte hertsiaren” kuota bat eskatu banako senipartearen aurreko araubidean gertatzen zen bezala.
Ezkontide alargunaren senipartea izatezko bikoteari ere ematen zaio, seniparte horren gozamena mantentzen da eta bere zenbatekoa jaraunspenaren erdia izango da ondorengoekin batera oinordetza hartzen duenean edo bi herenekoa ondorengorik ez badago (52. art.). Lege berriak ezkontidearen edo izatezko bikotearen aldeko gozamen unibertsala onartzen du ere, eta gozamen unibertsal honek ondorengoen seniparteari kalterik egiten ez diola adierazten du (56. eta 57. art.).
Azkenik, jaraunspenaren xedapen askeko zatia bi herenekoa izango dela esaten du.
Tronkalitatea.
Tronkalitatea mantentzen du oinordetzako seniparte gisa, testamenturik gabeko oinordetzako araua dena, eta xedatzeko ahalmenaren muga gisa, baina kentzen du elizen hilobien kasuan eta neurrira ekartzen du aldatzeko erreklamazioei jarraituz.
Tronkalitatea aplikatuko da Bizkaiko Infantzonatuan edo Lur Lauan, 1994an ezarri zen Hiribilduen lurralde forudunean eta Arabako Aramaio eta Laudioko udaletan dauden onibar guztiei (61. eta 65. art.).
1992ko Legearen 24. artikulu zaharraren deuseztasun-deklarazio desegokia indargabetzen du, tronkaleko senideetatik kanpo tronkaleko ondasunak dohainik xedatzeari buruzkoa, eta lau urteko iraungipena duen akzio batez ordezkatzen du aipatutako tronkaleko senideen alde.
Inter vivos eskualdatze-kasuetan, foru-sakatik kanpo uzten du hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarri sektorizatuan dauden finkak besterentzea, legezko atzera-eskuratze gisa duen eraginkortasuna argituz legetik ondorioztatzen den lehentasunarekin, baita erregistroko hirugarrengotzari begira ere, baldin eta halakoa sortzen bada inskripzioa egin delako lehenespenez eskuratzeko eskubidea egikaritzeko epeetan zehar, eskubidea egikaritzea errazteko eta eskubide beraren aurkako abusuak saihesteko (83.4 eta 87. art).
Testamenturik gabeko oinordetza.
Testamenturik gabeko oinordetzan topatzen dugu:
Ondasun tronkalei eragiten diena eta bere arau bereziak dituena (66. art.).
Gainerako ondasunena. Ondasun hauetan deitzeko ordena aldatzen da eta ezkontide alarguna aurrekoak baino lehen agertzen da.
Testamenturik gabeko deiaren ordena berria ondasun ez-tronkalei dagokienez hurrengoa izango da:
1.-Ondorengoak;
2.-Ezkontide alarguna legezko edo elkarrekin adostutako banantzea ez badago, edo izatezko bikotea;
3.-Aurrekoak;
4.-Laugarren gradurainoko albokoak.
Seniparteari uko egitea.
Legearen beste berritasun bat da seniparteari eta oinordetza-eskubideei uko egitea onartzen duela oinordetza itunaren bidez (100. art.). Aurrekoen senipartearen ezabapenarekin batera oso ongietorri ona jaso duen iraultza da ondasunen lerro aldaketak saihesteko, ezkontza edo izatezko bikote ezberdineko seme-alaben kasuetan.
Mortis causa xendatzeko erak.
Lege berriak Bizkaiko foru-zuzenbide zibil zaharraren oinordetzako tituluak mantentzen ditu, baina Autonomi Erkidego osora zabaltzen dituenez mortis causa xedatzeko modu berriak izango dira Araba eta Gipuzkoako lurraldeetan.
Testamentuarekin batera, legeak Oinordetza Ituna arautzen du mortis causa xedatzeko era bezala (ondasunak unean bertan eskualdatuz zein post mortem eskualdatuz, Bizkaian zibil arloan eta zerga arloan dagoeneko aintzatetsita daudenak).
Eta testamentua egiteko moduei dagokienez, Kode Zibilean dauden testamentuak aipatuz gain, Hilburuko edo heriotza arriskuan egindako testamentua ere arautzen du (23. art.). Testamentu Mankomunatua edo Ermandadekoa ere arautzen du (24. art. eta hurrengoak), Bizkaiko foru zuzenbide zibilak ezartzen zuena baina Nafarroan ere maiz erabiltzen zena, eta orain ezkontideek ez bakarrik beste edozein bi pertsonek ere egiletsi dezaketena, elkarren artean ahaidetasun harremana egon zein ez.
Komisario bidezko oinordetza.
Komisario bidezko oinordetza (30. eta 46. arteko artikuluak) lehen arautzen zen komisario bidezko testamentua baino zerbait gehiago bezala arautzen du.
Izendapen aldaketa horrek komisarioaren instituzioa testamentua egiteko forma bat bakarrik ez dela esan nahi du, baizik eta oinordetza ordenatzeko forma bat.
Komisarioaren izendapena testamentu bidez egin daiteke (izendapena egiteko modurik arruntena), bai eta ezkontza-itunen bidez edo oinordetza-itunaren bidez (31. art.). Gainera, instituzio honi jarraikiz, komisariotzari oso ahalmen handiak eman ahal zaizkio, 30. artikuluak dioen bezala: “(...) oinordekoaren izendapena, ondasunen banaketa, eta, oro har, ondasunok oinordetza bidez eskualdatzeko berak dituen ahalmen guztiak”.
Komisario bidezko oinordetza benetako oinordetza-fiduzia bat da, eta zerga-araudi egoki baten bidez, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ezarritakoa bezala, helburutik banandutako ondare bat antolatzeko aukera ematen du, Trust anglosaxoi baten antzera.
Jaraunspenaren zorrengatiko erantzukizunaren muga.
Legearen beste berritasun bat da kausatzailearen zorren aurrean jaraunsleak duen erantzukizunaren aldaketa.
Jaraunslea kausatzailearen betebeharretan subrogatzen da (19.2 art.) baina erantzukizuna du kausatzailearen betebeharren gain, legatuen gain eta zamen gain, jarauntsi bidez eskuratutako ondasunen balioaren neurrian (21.2 art.). Hartzekodunen eta legatu-hartzaileen alde banantze-eskubide bat ezarriko da kredituak kobratzeko jaraunspenaren ondasunekin.
Testamentua egiteko askatasuna Aiara Haranean
Legeak Arabako Aiara Haranak duen testamentua egiteko askatasuna eta 1992ko legean araututako botere osoko gozamena errespetatzen ditu.
Baserriaren eskualdatzea Gipuzkoan.
Gipuzkoako Baserria eta bere hedadura, lursailak eta ondazilegiak hartzen ditu ere.
III. Titulua
Ezkontzako ondasunen araubidea.
III. Titulua ezkontzako ondasunen araubideari buruzkoa da.
Ezkontzaren araubide ekonomikoa ituntzeko edo aldatzeko askatasuna aintzatesten du, eta ezkontza-itunak izan ezean Kode Zibilaren irabazpidezko sozietatea aplika daitekeela dio, baina Bizkaiko Lur Lauko, Aramaioko eta Laudioko herritarrei Ondasunen Foru Komunikazioaren Araubidea aplikatuko zaie, 129. artikulutik 146. artikulura garatzen dena.
Azken oharra.
Legea oinordetzak ordenatzea erraztuko duen arau berri bat da eta zerga-arauak egokitzea behar du, Bizkaian eta orain dela gutxi Gipuzkoan gertatu den bezala abenduaren 23ko 7/2015 Foru Arauaren bidez; aldiz, Arabako Lurralde Historikoan bere xedapenen garapen eta aplikazio osoa falta dira oraindik.