Testamentuak eta jarauntsiak - Colegio Notarial de País Vasco

Informazioa

Testamentuak eta jarauntsiak

Oso gutxi erabiltzen diren zenbait formez gain (testamentu militarra, itsasoko testamentua eta notario-testamentu itxia), bi testamentu mota egin daitezke: holografoa eta notario-ireki.

Testamentu holografoa

Testamentugileak bere kabuz eta eskuz idatzita egiten duen testamentua da, eta idazten den urtea, hilabetea eta eguna adierazi behar da. Hauetako edozein eskakizunen faltak baliorik gabe uzten du.

Arazoak: egilesten denean notario-aholkurik ez egoteak testamentu hauen baliogabetasuna ohikoa izatea dakar, eta gainera testamentugileak egiteko orduan zuen gaitasuna zalantzan jartzea errazagoa da. Halaber, testamentugilea hil ondoren, jaraunsleek prozedura judizial zail bat jarraitu behar dute testamentuaren egiazkotasuna egiaztatzeko, eta protokoloan jasotzeko, eta hori zaila eta garestia gertatzen zaie. Beste alde batetik, erraza da testamentua galtzea edo zortea izan ez duen senide batek lehenengo aurkitzea eta suntsitzea, eta ia ezinezkoa gertatzea testamentua existitu dela frogatzea. Edozein modutan ere, testamentu holografoa erabilgarria izan daiteke salbuespenezko edo premiazko kasuetan edo egoera arriskutsuetan. Testamentu holografo bat egiteko orduan gogoratu behar da testamentugileak eskuz idatzi behar duela goitik behera, sinatu behar duela eta data adierazi behar dela (urtea, hilabetea eta eguna). Hitz marratuak, zuzenduak edo lerro artekoak testamentugileak salbatu behar ditu bere sinaduraren bidez.

 

Notario aurreko testamentu irekia

Gaur egun egiten den ia testamentu bakarra da beste testamentuekin aldenduta dituen abantaila handiengatik. Azken nahia notarioaren aurrean eskritura publikoan adieraztean datza, horrela notarioaren aholkuaren onura lortuz eta testamentuaren klausulak legezkoak direla ziurtatuz.

Notarioak testamentugileari bere ondasunak banatzeko dituen moduei eta nahi duena lortzeko egin behar duenari buruzko informazioa eta aholkuak emango dizkio. Zuzenbideak eskaintzen dituen aukerak asko dira eta Notarioak lortzeko moduei buruz aholkua emango du eta zerga-ondorioen berri ere emango dio, betiere konfidentzialtasun hertsienaren barruan.

Notarioa egoteak, testamentua idazten duen aditu bezala, legezko formalitate guztiak betetzen direla eta testamentuaren edukia zuzenbidearekin bat datorrela bermatzen du, batez ere gero aipatuko diren seniparteak errespetatzen direla. Gainera, Notarioa testamentua gordetzeaz arduratzen da (jatorrizkoa bere eskuetan geratzen delako eta testamentugileari ematen zaiona kopia bat besterik ez delako) eta Azken Borondateen Erregistro Nagusiaren bidez testamentugilea hiltzean azken testamentua zein zen jakitea lortzen da. Testamentugilearen bizitza osoan zehar, testamentuaren existentzia bera eta bere edukiari dagokienez sekretuaren eta konfidentzialtasunaren berme osoa mantenduko da.

 

Zer da behar dena?

Nahikoa da Notarioarengana nortasun agiriarekin joatea eta ondarea nola utzi nahi den azaltzea; testamentuaren zailtasunaren arabera, Notarioak ondasunen eskriturak edo informazio gehiago eskatuko ditu. Datu horietatik abiatuta Notarioak testamentua idatziko du eta jarraian egiletsiko da pertsona gehiago egotea eskatu gabe, lekukoak egotea gaur egun beharrezkoa ez delako, kasu jakin batzuetan izan ezik. Oso erraza da, eta ez da testamentugilearen ondasunen inbentariorik egin behar.
 

Zenbat balio du testamentua egiteak?

Testamentua oso dokumentu merkea da, bere garrantzia eta batzuetan izan dezakeen zailtasun juridikoa kontuan hartzen badugu. Testamentugilearen ondasunek zenbat balio duten kontuan hartu gabe testamentuak 36 euro baino gutxi gehiago balio du. Ohikoa baino luzeagoa bada prezioa pixka bat igo daiteke (baina ez da ia inoiz 60 eurotik pasatuko).